[ Kontulepo kritikarako gune berriye (blogzinie) sortu deNK azpeitiko gaztetxeko neska-mutillen-gei gañontzeko generuetako g-izakiyen eskutik ]
Azpeitiak, osotasunean, nazka ematen didala esaten hasiko
naiz. Ez da politikoki ez zuzena izateko komentario hutsala.
Nire nazkaren arrazoiak ugariak dira, testu irakurgarri batean
sartu ezinak….. baina adibide esanguratsu batzuk aski izango
dira zuek nire haserrearen zergaitia ulertzeko.
Herritarrek gure urola ibai maitatutik auzo-lanean jasotzen
dituzten plastiko eta zabor ikusgarri horietaz gain (argazki
polita ateratzeko plan bikaina portzierto), mota guztietako
isuriak ikus ditzakegu herriko erreka eta ibai txokoetan.
Zabortegi eta kantera ezberdinek utzitako kalte ekologikoaz gain,
“periferietako” enpresa ezberdinek kaka botatzeko duten
inpunitatea lotsagarria da. Baliteke gaztetxekoak urtero bertan
sartu izangatik egotea dauden moduan….
Gure herria, euskal zezenzaleen epizentroa ere badela esatera
hausartuko nintzateke. Jendarteratzen ari diren animaliekiko
errespetuzko dinamikak ikusirik, ez nintzateke harrituko urte
batzuk barru Azpeitia komunikabide guztietan ikusteaz,
Tordecillas-eko “baxurdeen” gisara gure kultura defendatzen.
Erruki jauna. Zenbat terreno lapurtuak, zenbat oparituak. Zenbat lur eta eraikin elizak, jaungoikoaren izenean.
Pinuek ere jan dizkigute pagadi eta basoak, guztiak gaixo
diren honetan, erremedioa gaitza baino okerragoa izan
daitekeelarik: Eukaliptoa.
Inguruetako lur ereingarri egokienetan etxebizitza, errepide
eta orain parkeak eraiki ditugu, zaharrenek gariz beteta ezagutu
zuten Landetako azken lautada hutsa Munoren atzaparretan erori
berri delarik. Dirudienez eremu horretan ez dago nahiko pabiloi
eta beste bat eraiki behar.
Baina Azpeitiak, zentru inperialistako herri industrializatu
onenaren pare, itxurazko klase ertain bilakatu nahi ditu beren
herritarrak. Lan asalariatu eta kapitalari estuki lotuak,
hipotekatuak. Inperioak eskeintzen dizkigun miseriak kontsumitzeko
lehian. Kontsumo, ekoizpen eta lan harremanetan ezkutatzen den
explotazio egoeraz itxu.
Bitartean, enpresari eta ekintzaileei gorazarre. Bastidak
kamello jatorrenaren gisan txakurjana esnifatzera behartzen gaitu
egunero, eta PNV-ri batzokia oparitu zion Martxilenek zuloa
zegoen tokian zabor kutxakorrez beteriko menditxo bat oparitu
digu Arauntza alboan, Guggenheim erraldoi erdoildu batez gain.
Glual eta Sarralle bezalako enpresa eredugarriak lehia
ikaragarria darabilte lan istripu gehiago nork izango, gure
taberna eta zerbitzu guneetan kontratu duin bat izatea musika
entzungarria aurkitzea baina zailagoa delarik.
Guzti hau Altuna eta Uriaren porlanezko herri baten gainean.
Lana eta baliabideak soberan izateaz gain, langileen
lan-baldintzetan islatzen ez denaren adibide garbiena; Lan
jardunaldi amaigabeak, subkontratak, istripu eta heriotzak AHTaren
eraikuntzan kasu eta abar luze bat. 50 urte euskal
langileriaren lan indarraz aberasten, eta gu omenaldiak
eskeintzen.
Orain, berriz, munizipalak hasi omen dira gazteei “mozal
legea” delakoarekin mehatxuka pintada puta bat egiteagatik.
Espainiako erreinuaren izaera faxistenetarikoa azalaratzen duen
legearen aplikazioarekin alegia.
Luzatzen ari zait testua, eta ez naiz esatea nahi nuenaren
laurden bat ere esatera iritsi. Argi beltzez; ez naiz
Azpeitianoa. Are gutxiago Azpeitiano hitza entzunda burura
etortzen zaidan BMW-zale kokotza gora begira duen Gizona,
arrazoia ahoan eta testosterona kontrolaezinez beteriko bi
barrabil potolo hanka artean.
Ni akaso Azpeitiano izango naiz San Inazio, Santo Tomas,
Karnabal, Santiyo, Elegante egun, San Sebastian, Garagardo Azoka,
Sagardo egun, pintxo pote, gimnasio eta korrika egiteko guneak
ez ezik, aldarri eta borrokarako espazioak jendez betetzen
ditugunean. Ikurrin eta demokraziaren magalean ezkutatu arren,
langile klasearen kontrako interesak defendatzen dituztenei
hortzak erakusten hasten garenean. Bitarteko produktiboen
eskuraketarako estrategiak garatu eta herri justuago batetik
haratago, herri justu baten aldeko errealitateak eraikitzen
hastean.
Argi Beltza
[ hemen zeudeNK lenengo artikulo hau ta ondorengo komentayuek, dagoenekoz beste testutxo batzuk idatzi dizkiNabe ]