[Autogestioa webgunetik hartua]
Erakunde libertario eta global baten alde
2011ko urtarrilean, Carlos Taibok proposamen bat zabaldu zuen. Gero M15 mugimendua etorri zen, eta bazirudien zaharkitu zela baina, ikusita azken urteotako gizarte mugimenduen eta alderdi politikoen gorabeherak, interesgarria iruditu zait berreskuratzea eta euskaratzea (mila esker E. Uribarri, azken lan hau zu barik ez litzateke posible izango!).
Erakunde libertario eta global baten alde
2011/01/17
Lerro hauetan hainbat arrazoi argudiatzen saiatzen da, oraina bezalako une batean, gure artean, izaera globaleko erakunde libertario bat sortzea justifikatuko luketenak.
Testuingurua
1. Ekintzaile libertarioek presentzia erreala baina diskretua dute gaur egun. Hainbat instantziatan agertzen da, hala nola afinitate-taldeetan, ateneoetan, sindikatuetan eta gizarte-mugimendu anitzetan. Begi-bistakoa dirudi sakabanatze horrek, bere abantailak dituenak, ideia eta dagozkion praktikak presentzia publikoan pixka bat desitxuratzen duela.
2. Aparteko mundu bat da sindikala, non izaera anarkosindikalista duten hainbat erakunde baliatzen diren. Nahiz eta, berriro ere, bertute ukaezinak erakutsi, bi arazo arrastatzen dituzten. Lehenengoa da diskurtso sindikalak, berez, irismen errespetagarri bezain mugatua duela–esan daiteke sindikatu bat interesgarriagoa eta erakargarriagoa dela sindikalismoaren mugak hausteko eta beste mundu batzuetara zabaltzeko borondate handiagoa erakusten duen heinean–; bigarrenak adierazten digu banaketak eta konfrontazioak oso maiz markatzen dutela (dituztela) indar anarkosindikalisten arteko harremanak. Hori horrela da, nahiz eta dirudien tentsioak garai batean baino mugatuagoak direla gaur egun.
3. Arrazoiak soberan daude esateko munduaren ikuspegi libertarioak eta horren ondorioz aurrera gauzatzen diren praktikek, lehen irakurketa bat iradokitzen duena baino jende gehiago erakartzen dutela. Bertan, arazo handien antzeko ikuspegi bat eta pairatzen dugun ordenaren kritika komun bat ematen dira.
4. Aurreko guztia gutxi balitz bezala, tradizio partekatu ahaltsu baten existentzia harroak duen eragin osasungarria ere aipatu behar da, nahiz eta batzuetan nostalgia ezgaitzaile batekin gorpuztu.
Eremua
5. Izaera globaleko erakunde libertario batek izaera konfederala izan behar du nahitaez, erabakitzeko gaitasun autonomoa eman behar die, mugarik gabe, hura osatzen duten unitateei. Begi-bistakoa dirudi, hala ere, horrelako antolakunde batean sartzeak aldez aurretik jokoaren gutxieneko arau batzuk eta pentsamenduaren eta ekintzaren oinarri komun bat onartzea eskatzen duela.
6. Konfederazio horrek, jatorrian, izaera iberiarra izan dezake –orain dela laurogei urte FAIk nahi izan zuen moduan, baina arrakastarik gabe–, eta beharrezkoa da beste eremu geografiko zabalago batzuetara zabaltzea, hala nola, noski, Europara─ ez da dena nahasi behar Europar Batasunarekin ─ eta baita mundu mailara.
Unea
7. Antolakunde horrek gorputza hartuko luke kapitalismo higatu baten amaierarik gabeko krisiak markatutako une batean, bere helburuak eraginkortasunez asetzeko gai ez dena eta bere esplotazio-, bazterketa- eta natura-ingurunearen aurkako berezko mekanikak aurrera ateratzeko borroka etsian tematua dagoena.
8. Baina antolaketa hori sortuko litzateke, halaber, azken mendean zehar estatu-sozialismoaren bi formulak suposatu dutenaren premiazko kritika baten eskutik: sozialdemokrazia, kasurik onenean kapitalismoa modu zibilizatuan kudeatzeko ahalegina izan dena, eta leninismoa, argi eta garbi herritik banandutako abangoardiak administratu behar duen gizarte-zientzia baten ziurtasunak bultzatuta dagoena. Bata eta bestea ez dira kapitalismoaren unibertso historiko eta soziala gainditzeko gai izan, batak eta besteak –hautetsontzien bidez edo boterearen indarkeriazko hartu-emanaren bidez– esplotazioak, hierarkiak, bazterketek eta ingurunearen aurkako erasoek eragindako gizarteak sortu dituzten bezalaxe.
9. Erraz identifika daiteke, aspaldidanik, inspirazio libertario argiko mugimenduen gorakada, oinarrizko demokrazia defendatzeko eta hierarkia eta banantze mota guztien aurka borrokatzeko premiaz jabe izan direnak. Instantzia horien kasuan, eta, bereziki, bere garaian gizarte-mugimendu berri gisa deskribatu genituen askoren kasuan, ez du axola nork bere burua libertario gisa definitzea: garrantzi handiagoa daukate euren praktika historikoak eta subjektu berriak eratzen ari den kontzientziak.
10. Aurreko guztiari, beste pizgarri bat bezala, honako hau gehitzen zaio: pairatzen ditugun sistemetatik egindako baieztapen errepikatua, hots, anarkismoak, bereziki, eta autonomiatik erreklamatzen diren hamaika formulek, oro har, ideologia eta mugimendu hilak eratzen dituztela, errepresio-estrategia landuekin batera. Behin eta berriz errepikatze hori are deigarriagoa da; izan ere, adierazpen hori bat dator jada aipatu den kapitalismoaren korrosio geldiezinarekin.
Proposamen ideologikoa
11. Dei egiten ari garen zereginak deskribatzeko orduan, libertario terminoari eman behar zaio lehentasuna, bizipenezko eta berezko errealitatera jotzen baitu, anarkista terminora baino, ideologia- eta doktrina-jarrera hartze bati lotuago baitago. Ongi ulertzen da: kontua ez da inola ere ukatzea gure nahi askoren sustrai anarkistaren joera. Aldez aurretik ezarritako dogmarekin lotzen duen edozein planteamendu saihestu nahi da, batzuen garbitasuna eta argitasuna eta besteen ezpurutasuna eta alienazioa zehazten dituena. Badirudi adjektibo libertarioak zentzuz definitzen dituela printzipio eta balio osasungarriak partekatzen dituzten pertsonak.
12. Antolakunde hori ezin da sektarioa eta baztertzailea izan arlo ideologikoan. Baina ekintza proiektuei dagokienez ere ezin da hala izan. Horrek esan nahi du haien barruan askotariko pertsonak sartu behar direla – bai matxinadaren aldekoak nahiz erabateko pedagogia bakezaleak praktikatzen dituztenak–, esperientzia eta egiteko modu desberdinak eskaintzeko daudelako.
13. Erakunde horretan bildu behar dira, noski, sindikatuetan eta izaera ezberdineko gizarte-mugimenduetan lan egiten duten ekintzaileak. Hala ere, ez da inola ere saiatuko erakunde horretatik batzuk edo besteak kontrolatzen. Oinarrizko mugimenduen norabidea beren buruari egozten dioten abangoardiak marrazten amaitu duten iraganeko esperientzia guztiek porrot izugarriak ekarri dituzte. Sindikatuen eta mugimenduen autonomiarekiko errespetua, orduan, erabatekoa izan beharko da.
14. Sustrai sakon libertariozko tradizioaren arabera, erakunde horren funtsezko zeregina oinarritik eta memento honetatik aurrera mundu berri baten eraikuntza sustatzea izango da. Gune autonomoak eta autogestionatuak sortzen hasteko ez da balizko aldaketa instituzionalen zain egon beharrik, ezta botere-hartze defendaezinaren zain ere, Hori da, azken finean, alternatiba libertario bati profil bereizia ematen diona.
15. Begi-bistakoa dirudi erakunde berriaren ahaleginaren zati esanguratsu bat komunikabide berriak eta deszentralizatuak zehaztean eta, aldi berean, pedagogia libertarioko formulak hedatzean datzala.
16. Erabakitzeko ahalmenaren ez eskuordetzean oinarrituko da erakundea eta, hori posible ez denean, balizko eskuordetze baten onuradunek egiten duten ekintzaren gaineko oinarrien kontrol zorrotz eta etengabe bat egingo da. Ildo horri jarraituz, ez du agintaririk, liberaturik ezta politikako profesionalik izango. Argi dago ez garela alderdi politiko bati buruz hitz egiten ari eta, beraz, aztergai dugun erakundea ez da inola ere aurkeztuko balizko hauteskunde batzuetara. Bere ikuspegi estrategikoa hauteskunde logikari lotuta dagoen betiko epe laburreko ikuspegitik urrunduko da.
17. Erakunde libertarioaren gutxieneko programak soldatapeko lanaren eta salgaien abolizioa izango dira. Horrelako abolizioa Hegoaldeko herrien eta etorkizuneko belaunaldien defentsarekin bat egin beharko du. Dimentsio horretan, erakundeak — bere gain kapitalismoaren erantzun bat hartuko duena, borroka antipatriarkaletik, autogestiotik eta ekologismo erradikalaren printzipioetan oinarrituta — kapitalismoaren ezaugarri diren gizakien eta naturaren esplotazio bikoitzari erantzutea proposatuko da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina