Solarpunk: ideia bat eta manifestua euskaraz

Solarpunk: ideia bat eta manifestua euskaraz

Solarpunk izeneko mugimendua edo, agian, ideia filosofikoa, honetan datza: eraldaketa larritasuna handia den une honetan (beroketa globalagatik eta), gizateriak naturarekin eta teknologiarekin batera bizitzeko paradigma berri bat aldarrikatzen du. Joan den igandean, Gorka Julio teknofiloak ideia azaldu zuen Euskadi Irratiko Amarauna programan, eta hari horretatik tiraka ekarri dugu hona.
solarpunk jendea
Izena datorkio mugimenduari beste ideia artistiko-estetiko batetik: Steampunk. Zientzia fikzioarekin lotu daitekeen mugimendu horretan, irudikatu izan da mundu teknologiko bat non bapore-teknologia baizik ez den garatu (ez elektrizitate aurreratua edo elektroniko edo informatika), eta hala ere posible diren aurrerakuntza teknologikoak: hau da, espazio bidaia posible da, baina baporezko untziekin eta, estetikan bat eginez, 19. mendeko jantziekin (demagun).

Solarpunk delakoan berriz, Steam-Baporea kontzeptua barik, Solar-Eguzki kontzeptua dugu zeinean eguzkitik lortutako energia garbi eta zuzenak, eta eguzkiak hazten duen mundu berde edo ekologikoki orekatu bat den etorkizuneko teknologiaren oinarri. Punk hitzak, bestalde, bai steampunk zein solarpunk terminoetan adierazten du indar apurtzaile bat, gogo bizi bat eta eraldaketarako grina.

Solarpunk ideiaren inguruan ez dago kredo edo erakunde zehatzik: literatura eta estetika jakin batzuei eman dakieke solarpunk kalifikazioa, eta politikarako oinarri bat ere izan daiteke. Ildo horretan kokatzen da 2019an zenbaiten artean osatutako Solarpunk Manifestua, Gorka Juliok euskaratu berri duena.

Hemen dago testua, eta puntu batzuk ekarri ditugu hona:
  • 7. Solarpunkak perspektiba berri baliotsu bat, paradigma bat eta hiztegi bat ematen dizkigu, etorkizun posible bat deskribatzeko. Retrofuturismoa besarkatu beharrean, etorkizunari begiratzen dio erabat solarpunkak. Ez etorkizun alternatibo bati, baizik eta etorkizun posible bati.
  • 8. Gure futurismoa ez da ziberpunkarena bezalako nihilista, eta steampunkaren joera potentzialki erreakzionarioak saihesten ditu: inozentziarekin, sorkuntzarekin, independentziarekin eta komunitatearekin du zerikusia.
  • 9. Solarpunkak ingurumenaren iraunkortasuna eta justizia soziala nabarmentzen ditu.

Manifestuko 22. puntuak, azkenak, lau puntutan laburbiltzen du zer den Solarpunka:
  • Anitza da.
  • Espiritualtasuna eta zientzia elkarrekin egoteko lekua du.
  • Ederra da.
  • Oraintxe gerta daiteke.
Gerta badaiteke... ez dirudi etorkizunik ilunena, aldaketa klimatikoarekin lotutako espektatibak doazen bezala.
[Sustatu webgunetik hartutako lehengo urte hasierako testua duNK hau. Irratsaioa gustatu zitzaidanez...]

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina