Abstentzioaren mamua
Testu hau idazten dudanean, hausnarketa eguna da, eta hainbat idei darabilkidate buruan. Badaramat denbora luze bat zeinean politika parlamentarioa nire egunerokotasuna inbaditzen duela: telebista, idatzizko prentsa, irratia, interneten nabilenean… Baina apirilak 28ko data gero eta hurbilago egon, inbasio hori gero eta indartsuagoa bilakatu da. Abstentzioa eta ultra eskuinaren mamua izan dira batez ere eztabaida gidatu dituzten elementuek, eta hainbat lekutan entzun ditudan hauteskundeetan parte hartzeko argudio askok bi hauetan oinarritu dira.
Abstentzioaren aurkako gurutzada bizi izan dugu. Honen aurrean izan diren jarrerak anitzak dira, baina bi nagusitu dira. Bata, parte hartzea modu adiskidetsu batean eskatzea, ez duela ezer kostatzen eta eskuinari aurre egiteko beharrezko pausua dela. Bestea, abstentzioaren aurkako jarrera gogorra, abstenituko direnei gertatuko den hondamendiaren erantzuleak eginez.
Faxismoaren gorakadari buruzkoa, zer esan. Egia esan behar badut, 1978ko Erregimena frankismoaren jarraipen bat da eta frankistak zirenak euren bulegoetan jarraitu zuten. Begirada bat bota Kataluniako Erreferenduma epaitzen ari diren epaileei; Espainiar Erresumako parlamentuetan izan diren diputatuei; indar errepresiboetan dauden agintariei; Administrazioan dauden hainbat kargu. Beste gauza bat da orain, dirudienez, kaleak hartzen ari direla. Ultra eskuindar hauek beti hor izan dira, demokrata mozorroa jantzita.
Hala ere, onartu behar dut abstenituko direnen artean, denetarik dagoela: pasotak, ziurrenik gehiengoa direnak, eta abstentzio aktiboa planteatzen dutenak, seguru asko, gutxiengoa. Azken aukera hau erabat legitimoa dela azpimarratu behar dut, nahiz eta azken aldian hauen aurka eman diren erasoak. Zergatik botoa emateko hainbeste matraka? Faxismoaren gorakada dela eta botoa eman behar dela esaten dutenekin, kontuz. Gorakada hori ez da abstentzionisten erantzukizuna; alderdi ultraeskuindarrei botoa eman dieten erantzukizuna izango da. Gerta daiteken hondamendia ez da abstentzioaren errua izango. Hor, beste hausnarketa bat egitea beharrezkoa da.
Agian ezker parlamentarioari autokritika pixka bat falta zaio. Arazoa ez da izango proposamen hauek ez dutela konbentzitzen, ezta? Gero eta jende gehiago, planteamenduen aurrean hotz geratzen dela. Orduan, non dago arazoa, proposamenetan edo boto emaile potentzialetan? Badakit agian desesperazio puntu batek abstentzioaren aurkako jarrera gogortzea eraman zezakeela, baina zintzoak izan behar dugu. Erantzukizuna besteei ez bota, mesedez.
Ultra eskuinaren gorakadaren atzean, aldiz, pairatzen dugun egoera sozioekonomikoa dago. Honi nola egin aurre? Botoa emanez gutxi egin daiteke. Bide eraginkorrena langileon artean elkartasuna berrindartzea da, gizarte erantzukizuna gure gain hartzea: lankideak prestatuz, politizatuz, lan arloan antolatuz, herrietan eta auzoetan politika eginez, era autonomo batean. Klase borroka areagotzea, era transbertsal batean feminismoa, ekologismoa eta nazio zapalkuntza barneratuz. Kalea (lantokiak barne), ultraeskuinaren esku geratzen badira, arazo hori konpontzeko bozkatzearekin ez da aski izango. Eta ultra eskuina ez da bakarrik alderdi politiko zehatz batzuen monopolioa. Gogoratzen dut eraso bortitzenak alderdi sozialdemokratek aplikatu dituztela; gure lurraldean, aldiz, eskuin zibilizatuak. Ultra eskuina ez da haien marka, baina bai beraien politikena.
Abstentzioari kritika ugari egin zaizkio. Eta noski, ezker parlamentarioari kritika egiten diodanean, abstentzioari ere egin behar zaio: proposamen hau ez badoa praxi bati lotuta, ez bada egunero politika egiteko praktika batekin lotzen, zeozer hutsala da.
Agian hauteskundeei gehiegizko garrantzia ematen ari diegu. Hausnarketarako aipu bat uzten dizuet, Voltairine de Cleyrerena: “Langileek ikasi behar dute euren boterea ez dago botoen indarrean, ekoizpena gelditzeko gaitasunean baizik”. Langile hitza zentzu zabal batean ulerturik, esaldi honen indarra erabatekoa da.
[ Autogestioa webgunetik hartua ]
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina