Krisiaren seme-alabak gara: miseriazko soldatak jasotzeko lan egiten dugunak edo soldatarik gabe lan egiten dugunak; adibidez, praktiketako kontratuen baldintzetan lan egiten dugun ikasleak ; edo are okerrago: lan egiteko inongo aukerarik ez daukagunak eta, ondorioz, eguneroko bizitza ziurgabera eta miserablera kondenatuta gauden gazteak gara; edo lan egin ahal izateko gure herrietatik hirietara  zein atzerrira alde egitera behartuta gaudenak; deserrotze-prozesua gure azalean sentitzen dugunak gara, harreman afektiboen ordez merkataritza-morala nola ezartzen ari den ikusi eta bizi dugunak gara; emantzipaziorako aukerarik ez dugun eta gure etorkizuna pixkanaka pobreziaren urtegian nola hondoratzen ari den ikusten dugun gazteak gara. Finean, gure bizitzaren gaineko kontrolik ez dugun pertsonak gara.

Era berean, krisiaren seme-alabak dira bizi osoan lanean aritu izanagatik pentsio duin bat jaso ezin dutenak eta urteetako borrokaren ondoren irabazitako eskubideak nola desagerrarazten dituzten ikusten duten langileak. Krisiaren seme-alabak dira euren familia aurrera ateratzeko bizitza ematen dutenak. Krisiaren seme-alabak dira lan istripuen eraginez hiltzen diren langileak zein indarkeria matxistak hiltzen dituen emakume langileak.

Krisia berezkoa zaio kapitalismoari, eta gure gizartea horregatik sartzen da behin eta berriz krisian. Hori da gizarte burgesaren historia eta patua, eta gure herria ez dago horretatik salbu. Krisiak gizartearen txirotzea eta prekarizazioa baldin badakar, guk, horren aurrean, harreman kolektiboen aldeko hautua egiten dugu. Krisi kapitalistaren kausa ekonomikoa den arren, krisiaren ondorioak sozialak dira, eta, horrenbestez, krisiak gure bizitzako esfera guztiak kolpatzen ditu. Horren aurrean, beharrezkoa iruditzen zaigu elkartasunean oinarrituko diren harreman kolektiboak eraikitzea eta horiek gorpuzteko espazioak irabaztea. Horregatik erabaki genuen Esklabetako ezker hegalean sartzea: alde  batetik, erreala izaten jarraitzen  duen etxebizitza problematikari irtenbidea emateko; eta, bestetik, aipatutako logikan oinarritutako proiektu komunitarioak garatzeko espazio eta tresna propioak eduki ditzagun.

Eraikinari izaera soziala emateko prestutasun osoa adierazi nahi dugu. Gure beharrei erantzuteaz harago, sektore kolpatuenen interesei erantzungo dien proiektuak sortzea dugu helburu. Modu horretan, elkartasunean oinarritutako proiektuak sortzeko gune soziala izatea da xedea.

Espazioak eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditugu Esklabetan hainbat proiektu martxan jartzeko. Ezagutzen ditugu eraikinaren dimentsioak, baina hankak lurrean ditugu, eta espazioaren beharrezkotasuna azpimarratzen dugu,  esku artean duguna epe luzerako egitasmoa  baita. Horren jakitun,  Krisiaren Seme-alabon proposamenak  gure indarren, herriko eragileen zein norbanakoen inplikazio mailaren arabera joango dira  gorpuzten, pixkanaka-pixkanaka. Epe motzean, jantoki soziala jarriko dugu martxan, eta horretarako lanean gabiltza egun.