Azpeitiak, osotasunean, nazka ematen didala esaten hasiko naiz. Ez da politikoki ez zuzena izateko komentario hutsala. Nire nazkaren arrazoiak ugariak dira, testu irakurgarri batean sartu ezinak….. baina adibide esanguratsu batzuk aski izango dira zuek nire haserrearen zergaitia ulertzeko.

Herritarrek gure urola ibai maitatutik auzo-lanean jasotzen dituzten plastiko eta zabor ikusgarri horietaz gain (argazki polita ateratzeko plan bikaina portzierto), mota guztietako isuriak ikus ditzakegu herriko erreka eta ibai txokoetan. Zabortegi eta kantera ezberdinek utzitako kalte ekologikoaz gain, “periferietako” enpresa ezberdinek kaka botatzeko duten inpunitatea lotsagarria da. Baliteke gaztetxekoak urtero bertan sartu izangatik egotea dauden moduan….
Gure herria, euskal zezenzaleen epizentroa ere badela esatera hausartuko nintzateke. Jendarteratzen ari diren animaliekiko errespetuzko dinamikak ikusirik, ez nintzateke harrituko urte batzuk barru Azpeitia komunikabide guztietan ikusteaz, Tordecillas-eko “baxurdeen” gisara gure kultura defendatzen.
Erruki jauna. Zenbat terreno lapurtuak, zenbat oparituak. Zenbat lur eta eraikin elizak, jaungoikoaren izenean.
Pinuek ere jan dizkigute pagadi eta basoak, guztiak gaixo diren honetan, erremedioa gaitza baino okerragoa izan daitekeelarik: Eukaliptoa.
Inguruetako lur ereingarri egokienetan etxebizitza, errepide eta orain parkeak eraiki ditugu, zaharrenek gariz beteta ezagutu zuten Landetako azken lautada hutsa Munoren atzaparretan erori berri delarik. Dirudienez eremu horretan ez dago nahiko pabiloi eta beste bat eraiki behar.
Baina Azpeitiak, zentru inperialistako herri industrializatu onenaren pare, itxurazko klase ertain bilakatu nahi ditu beren herritarrak. Lan asalariatu eta kapitalari estuki lotuak, hipotekatuak. Inperioak eskeintzen dizkigun miseriak kontsumitzeko lehian. Kontsumo, ekoizpen eta lan harremanetan ezkutatzen den explotazio egoeraz itxu.
Bitartean, enpresari eta ekintzaileei gorazarre. Bastidak kamello jatorrenaren gisan txakurjana esnifatzera behartzen gaitu egunero, eta PNV-ri batzokia oparitu zion Martxilenek zuloa zegoen tokian zabor kutxakorrez beteriko menditxo bat oparitu digu Arauntza alboan, Guggenheim erraldoi erdoildu batez gain. Glual eta Sarralle bezalako enpresa eredugarriak lehia ikaragarria darabilte lan istripu gehiago nork izango, gure taberna eta zerbitzu guneetan kontratu duin bat izatea musika entzungarria aurkitzea baina zailagoa delarik.
Guzti hau  Altuna eta Uriaren porlanezko herri baten gainean. Lana eta baliabideak soberan izateaz gain, langileen lan-baldintzetan islatzen ez denaren adibide garbiena; Lan jardunaldi amaigabeak, subkontratak, istripu eta heriotzak AHTaren eraikuntzan kasu eta abar luze bat. 50 urte euskal langileriaren lan indarraz aberasten, eta gu omenaldiak eskeintzen.
Orain, berriz, munizipalak hasi omen dira gazteei “mozal legea” delakoarekin mehatxuka pintada puta bat egiteagatik. Espainiako erreinuaren izaera faxistenetarikoa azalaratzen duen legearen aplikazioarekin alegia.
Luzatzen ari zait testua, eta ez naiz esatea nahi nuenaren laurden bat ere esatera iritsi. Argi beltzez; ez naiz Azpeitianoa. Are gutxiago Azpeitiano hitza entzunda burura etortzen zaidan BMW-zale kokotza gora begira duen Gizona, arrazoia ahoan eta testosterona kontrolaezinez beteriko bi barrabil potolo hanka artean.
Ni akaso Azpeitiano izango naiz San Inazio, Santo Tomas, Karnabal, Santiyo, Elegante egun, San Sebastian, Garagardo Azoka, Sagardo egun, pintxo pote, gimnasio eta korrika egiteko guneak ez ezik, aldarri eta borrokarako espazioak jendez betetzen ditugunean. Ikurrin eta demokraziaren magalean ezkutatu arren, langile klasearen kontrako interesak defendatzen dituztenei hortzak erakusten hasten garenean. Bitarteko produktiboen eskuraketarako estrategiak garatu eta herri justuago batetik haratago, herri justu baten aldeko errealitateak eraikitzen hastean.
Argi Beltza