Krisiaren seme-alabak gara: miseriazko soldatak jasotzeko lan egiten dugunak edo soldatarik gabe lan egiten dugunak; adibidez, praktiketako kontratuen baldintzetan lan egiten dugun ikasleak ; edo are okerrago: lan egiteko inongo aukerarik ez daukagunak eta, ondorioz, eguneroko bizitza ziurgabera eta miserablera kondenatuta gauden gazteak gara; edo lan egin ahal izateko gure herrietatik hirietara zein atzerrira alde egitera behartuta gaudenak; deserrotze-prozesua gure azalean sentitzen dugunak gara, harreman afektiboen ordez merkataritza-morala nola ezartzen ari den ikusi eta bizi dugunak gara; emantzipaziorako aukerarik ez dugun eta gure etorkizuna pixkanaka pobreziaren urtegian nola hondoratzen ari den ikusten dugun gazteak gara. Finean, gure bizitzaren gaineko kontrolik ez dugun pertsonak gara.
Era berean, krisiaren seme-alabak dira bizi osoan lanean aritu izanagatik pentsio duin bat jaso ezin dutenak eta urteetako borrokaren ondoren irabazitako eskubideak nola desagerrarazten dituzten ikusten duten langileak. Krisiaren seme-alabak dira euren familia aurrera ateratzeko bizitza ematen dutenak. Krisiaren seme-alabak dira lan istripuen eraginez hiltzen diren langileak zein indarkeria matxistak hiltzen dituen emakume langileak.
Krisia berezkoa zaio kapitalismoari, eta gure gizartea horregatik sartzen da behin eta berriz krisian. Hori da gizarte burgesaren historia eta patua, eta gure herria ez dago horretatik salbu. Krisiak gizartearen txirotzea eta prekarizazioa baldin badakar, guk, horren aurrean, harreman kolektiboen aldeko hautua egiten dugu. Krisi kapitalistaren kausa ekonomikoa den arren, krisiaren ondorioak sozialak dira, eta, horrenbestez, krisiak gure bizitzako esfera guztiak kolpatzen ditu. Horren aurrean, beharrezkoa iruditzen zaigu elkartasunean oinarrituko diren harreman kolektiboak eraikitzea eta horiek gorpuzteko espazioak irabaztea.Horregatik erabaki genuen Esklabetako ezker hegalean sartzea: alde batetik, erreala izaten jarraitzen duen etxebizitza problematikari irtenbidea emateko; eta, bestetik, aipatutako logikan oinarritutako proiektu komunitarioak garatzeko espazio eta tresna propioak eduki ditzagun.
Eraikinari izaera soziala emateko prestutasun osoa adierazi nahi dugu. Gure beharrei erantzuteaz harago, sektore kolpatuenen interesei erantzungo dien proiektuak sortzea dugu helburu. Modu horretan, elkartasunean oinarritutako proiektuak sortzeko gune soziala izatea da xedea.
Espazioak eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditugu Esklabetan hainbat proiektu martxan jartzeko. Ezagutzen ditugu eraikinaren dimentsioak, baina hankak lurrean ditugu, eta espazioaren beharrezkotasuna azpimarratzen dugu, esku artean duguna epe luzerako egitasmoa baita. Horren jakitun, Krisiaren Seme-alabon proposamenak gure indarren, herriko eragileen zein norbanakoen inplikazio mailaren arabera joango dira gorpuzten, pixkanaka-pixkanaka. Epe motzean, jantoki soziala jarriko dugu martxan, eta horretarako lanean gabiltza egun.
Orain dela 50 urteko gure herriko argazki bati begira jarriko bagina, zenbatek ezagutuko luke begibistan duena? Zenbatek jakingo luke bere herria ari dela ikusten? Garapen jasangarriaren izenean,berez ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena dela, hainbesterainokoa izan da herriok jasan behar izan duten itxuraldaketa eta “garapena”…
Eta ez naiz ari herriko kaleei buruz bakarrik: Iñaki Petxarromanek “Lurra zorua bailitzan” liburuan dioskunez, egunero 1,23 hektarea lur natural hondatzen dira EAEn; 3 hamarkada eskasetan hirukoiztu egin da Hego Euskal Herriko lur urbanizatu eta artifizializatua; berotegi efektua sortzen duten gasen isurketa %47 handitu da Euskal Herrian 1990etik gaur egun arte; 900 kilometro inguru autobide eta autobia daude Euskal Herrian, Karrantzatik Baionara 233 eta Donostiatik Tuterara 185 kilometro dauden herri batean. Kilometroekin jarraituz, aipagarria da gurean elikagaiek batez beste egiten dituztenak: 1.600 kilometro, ekoizten den lekutik kontsumitzen den lekuraino iristeko. Aipagarria da, kontsumo “jasangarri” horren isla, planetako herritar guztiak gu bezala biziko balira, Lurraren tamaina bereko hiru planeta beharko lirateke.
Historia osoan baino hiru aldiz gehiago hondatu dugu lur naturala azken 30 urtoetan. Eta Getxo ere ez da salbuespena arazo honi dagokionez; lehengora itzuliz, getxoztar askok ez luke duela 50 urteko Aldapaseko argazki bat ezagutuko; edo ez luke jakingo Gobela inguruko uholdeak hain aspaldikoak ez direnik, ezta Erromon ortuak egon zirenik ere. Oraingoan gure herria itxuraldatuko lukeen proiektu berria dugu Ibarbengoa Metro geltoki ondoko parking erraldoia (Ingurumen Kaltearen Txostenik ere ez duena), non eta Tosu estartan, zeinean gazte batzuek urteak daramatzaten baratze komunitario baten proiektuan buru-belarri lanean.
Hau ez da ordea gazte batzuen eta parkina eraiki nahi dutenen arteko afera hutsa, bi mundu ikuskera kontrajarrien arteko talka baizik: lekuan-lekuko kontsumoaren eta mugikortasunaren artekoa, nekazaritza ekologikoaren eta monokultibo industrialaren artekoa, auzoen nortasuna mantentzearen eta uniformizatzailea den porlanaren aldekoaren artekoa… Finean, benetako jasangarritasunaren aldekoen eta bizitzeko Lurra halako hiru planeta beharrezko direla deritzotenen arteko talka.
Garapen jasangarriak txikizio handiak eragin ditu gurean, eta makinek utzitako olio-orbanek hedatzen jarrai ez dezaten, etsipenak jan ez gaitzan, Ibarbengoaren parkingaren aurkako erresistentzia akanpada antolatu dugu irailaren 1etik aurrera Getxoko Tosu estartan. Izaera iraunkorra izango du eta elkar ezagutzarako, autogestiorako eta erresistentziarako aldarria izango da. Bertan ekintza ugari antolatu ditugu: hitzaldiak, mahainguruak, eztabaidak, bertso-afariak, kontzertuak…
Lerrootatik erresistentzia oihu honekin bat egiten duen orori dei egiten diogu irailaren 1etik aurrera Tosura kanping dendarekin bertaratu dadin, porlanaren gainetik nekazaritza defendatzera, etorriko diren belaunaldiek duela 50urteko Getxoko argazki bat behingoz ezagutu dezaten!