TOSUKO ERRESISTENTZIA AKANPADA

TOSUKO ERRESISTENTZIA AKANPADA
Tosuko Erresistentzia Akanpada 1 
Orain dela 50 urteko gure herriko argazki bati begira jarriko bagina, zenbatek ezagutuko luke begibistan duena? Zenbatek jakingo luke bere herria ari dela ikusten? Garapen jasangarriaren izenean,berez ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena dela, hainbesterainokoa izan da herriok jasan behar izan duten itxuraldaketa eta “garapena”…

Eta ez naiz ari herriko kaleei buruz bakarrik: Iñaki Petxarromanek “Lurra zorua bailitzan” liburuan dioskunez, egunero 1,23 hektarea lur natural hondatzen dira EAEn; 3 hamarkada eskasetan hirukoiztu egin da Hego Euskal Herriko lur urbanizatu eta artifizializatua; berotegi efektua sortzen duten gasen isurketa %47 handitu da Euskal Herrian 1990etik gaur egun arte; 900 kilometro inguru autobide eta autobia daude Euskal Herrian, Karrantzatik Baionara 233 eta Donostiatik Tuterara 185 kilometro dauden herri batean. Kilometroekin jarraituz, aipagarria da gurean elikagaiek batez beste egiten dituztenak: 1.600 kilometro, ekoizten den lekutik kontsumitzen den lekuraino iristeko. Aipagarria da, kontsumo “jasangarri” horren isla, planetako herritar guztiak gu bezala biziko balira, Lurraren tamaina bereko hiru planeta beharko lirateke.

Historia osoan baino hiru aldiz gehiago hondatu dugu lur naturala azken 30 urtoetan. Eta Getxo ere ez da salbuespena arazo honi dagokionez; lehengora itzuliz, getxoztar askok ez luke duela 50 urteko Aldapaseko argazki bat ezagutuko; edo ez luke jakingo Gobela inguruko uholdeak hain aspaldikoak ez direnik, ezta Erromon ortuak egon zirenik ere. Oraingoan gure herria itxuraldatuko lukeen proiektu berria dugu Ibarbengoa Metro geltoki ondoko parking erraldoia (Ingurumen Kaltearen Txostenik ere ez duena), non eta Tosu estartan, zeinean gazte batzuek urteak daramatzaten baratze komunitario baten proiektuan buru-belarri lanean.

Hau ez da ordea gazte batzuen eta parkina eraiki nahi dutenen arteko afera hutsa, bi mundu ikuskera kontrajarrien arteko talka baizik: lekuan-lekuko kontsumoaren eta mugikortasunaren artekoa, nekazaritza ekologikoaren eta monokultibo industrialaren artekoa, auzoen nortasuna mantentzearen eta uniformizatzailea den porlanaren aldekoaren artekoa… Finean, benetako jasangarritasunaren aldekoen eta bizitzeko Lurra halako hiru planeta beharrezko direla deritzotenen arteko talka.

Garapen jasangarriak txikizio handiak eragin ditu gurean, eta makinek utzitako olio-orbanek hedatzen jarrai ez dezaten, etsipenak jan ez gaitzan, Ibarbengoaren parkingaren aurkako erresistentzia akanpada antolatu dugu irailaren 1etik aurrera Getxoko Tosu estartan. Izaera iraunkorra izango du eta elkar ezagutzarako, autogestiorako eta erresistentziarako aldarria izango da. Bertan ekintza ugari antolatu ditugu: hitzaldiak, mahainguruak, eztabaidak, bertso-afariak, kontzertuak…


Lerrootatik erresistentzia oihu honekin bat egiten duen orori dei egiten diogu irailaren 1etik aurrera Tosura kanping dendarekin bertaratu dadin, porlanaren gainetik nekazaritza defendatzera, etorriko diren belaunaldiek duela 50urteko Getxoko argazki bat behingoz ezagutu dezaten!

Uribe Kostako PTPren Aurkako Asanblada
Iturria: Baserri Bizia Aldizkaria

Tosuko Erresistentzia Akanpada 2


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina