Azken urteetako beldurrezko 40 film beldurgarrienak
Orain urte batzuk, “Sciense” aldizkariak ikerketa txiki bat argitaratu zuen: beldurrezko film bat ikusten ari garenean, gure garunean zer gertatzen den ikertuz. New york-eko unibertsitateko zientzialari batzuen esanetan, genero honetako film bat ikustean, gure burmuina berrantolatzea behartzen dugu eta bizi izan ditugun momentu txarrak gomutatzen ditugu.
Ondorio honetara iristeko, Erno Hermans eta bere lankideek , 80 boluntario erabili zituzten. Pantaila baten aurrean jarri eta beldurrezko filmak ipini zizkieten, bata bestearen segidan. Erresonantzia magnetiko batzuei esker, beldurrak , alerta egoeran jartzen gaituela ohartu ziren, zentzumenak zorroztuz eta bizitako momentu txarrak erakarriz. Hori bai, honen eraginez, gure analisi ahalmena nabarmen murrizten dela ere nabarmendu zuten.
Beldurrezko film beldurgarrienak? Ez al da hori film horien helburu nagusietako bat? Jakina, baina zoritxarrez, azken urteetako labealdi kaxkarrek, izua baino, barregura sortaraztea lortu dute. Zinemaren mundu zabala osatzen duten genero guztien artean, hauxe izan liteke, ziurrenik, gehien mespretxatzen dena. Egia da urtero estreinatzen diren ekoizpen guztien artean, portzentaia oso altu bat, film oso kaxkarrei dagokiela, baina gainerako genero konkretuak banan-banan aztertuz gero ez al da antzekoa gertatzen? Akziozko zenbat film aipagarri estreinatzen dira urtean zehar? Eta komedia erromantiko? Etiketa negatibo horretatik bereizteko intentzioarekin, genero honen barruan ere, film bikainak egin daitezkeela frogatzeko helburuarekin nator gaur. Eta batez ere, besaulkira itsatsirik, azken urteetan beldurra sentiaraztea lortu duten filmak. Donostiako fantasiazko eta beldurrezko astea iristear da, joan gaitezen beraz, motorra eta giroa berotzen. Hemen nire ustez, azken urteetako beldurrezko film aipagarrienak.
(Muga bat jartzearren, 2000 urtetik aurrerakoak soilik sartuko ditut eta ez daude inongo ordenean, besterik gabe 1etik 40ra)
Ah! eta euskarazko azpitituluak dauzkaten batzuk ere badaude jakina; bakoitzaren azpian jarri dut esteka)
1- The Witch
( 2015, Robert Eggers)
Zeri buruzkoa da?Ingalaterra, 1630 urtea. Basoaren erdian bizi diren, senar-emazte eta bost seme-alabez osaturiko kolono-kristau familia bati buruzko kontakizun iluna. Hori da hasiera batean planteatzen dena. Ezjakintasunak eragindako laztura, sineskeria eta erru erlijiosoa bezalako gaiak, tartean sartzen diren bitartean.
Zergatik ikusi?
Robert Eggers zuzendariaren lehen filma, “The Witch” dela jakiteak, txunditua utzi ninduen. Filma gustuko izan ala ez, hasiberri baten lanean, hainbesterainoko zehaztasun eta xehetasun aurkitzeak, edonor utz dezakeelako aho zabalik. Sorturiko atmosfera ikaragarri hori euskarri gisa erabili duelako, beldurrak sor ditzakeen berezko erreminta horiek ia bakarrik funtzionatzen duten bitartean. Sundance zinema jaialdian, film honengatik jaso zuen zuzendari onenaren sari hori, oso merezitakoa izan dela frogatuz.
2- Martyrs
( 2008, Pacal Laugier)
Zeri buruzkoa da?
Hasierako irudiek, 70. hamarkadako Frantziara garamatzate. Urte bete desagerturik egon ostean, errepide erdian ,noraezean eta izuturik azaltzen den neska baten sekuentzia ikusten dugun bitartean . Egoera guztiz katatonikoan ageri da, ez da gai hitz bakar bat ahoskatzeko, inork ez daki zer gertatu zaion.
Zergatik ikusi?
Kultuzkoa bilakatu den film basati eta ikaragarria. “À l’intérieurekin” batera, beldurrezko pelikula frantses bikainen olatuari hasiera eman ziona (edo behintzat bultzada). Ezinbestekoa, gogorra, polemikoa, basatia.
3- The Children
(2008 , Tom Shankland)
Zeri buruzkoa da?Bi familien arteko eguberritako ospakizun afaria eten egiten da , gaixotasun baten ondorioz umeak oso portaera arraroa jasaten hasten direnean.
Zergatik ikusi?
Azken urteetan beldurrezko film onenak europa aldetik datozela frogatzen duen beste lan bat. Narciso Ibáñez Serradorren ‘¿Quién puede matar a un niño?’ pelikulari erreferentzia oso nabarmena. Sinplea itxuraz, baina tentsioz gainezka egiten duena eta batez ere biolentzia eta suspentsearen arteko oreka ezin hobea bilatzen jakin izan duen lana.
4- The Woman
(2011 , Lucky McKee)
Zeri buruzkoa da?
Basoaren erdian bizi den familia bateko aitak, emakume basati moduko bat aurkitzen du. Bahitu, lotu eta etxeko ganbaran sartzea erabakitzen du.
Zergatik ikusi?
Beste istorio basati eta harrigarria. Drama, sadismoa eta gorea uztartzen dituen kultuzko filma. Aktore guztien lanari esker (Pollyanna mcintosh batez ere) generozko ekoizpen sendo batean bilakatu dute. Aipamen berezia musikaren arloari, bikaina eta ez ohikoa beldurrezko film batean.
5- Session 9
(2002 , Brad Anderson )
Zeri buruzkoa da?
15 urte itxita egon den psikiatriko batean, zaharberritze lanak egin behar dituzte. Bertan geratu diren amianto gorpuzkiak kentzeko, garbiketa enpresa bat alokatzen dute.
Zergatik ikusi?
Iluntasuna, euria eta isiltasuna bezalako elementu klasikoekin, beldurra sortzeko gai den filma. Oso urduri jartzeko abilezia duena eta estutasuna sortzen duen lan paregabea. Peter Mullan aktore eskoziarra bikain beti bezala.
6- Ich seh, Ich seh
(2014 Severin Fiala, Veronika Franz)
Zeri buruzkoa da?Zergatik ikusi?
Kontakizuna garraiatzeko erabiltzen dituen elementu zinematografiko zorrotz eta landuei esker, eta batez errritmoaren erabilpen paregabeagatik, sahiestezina film hau ikustean, “Michael Haneke“ zuzendari handia burura ez etortzea. Ez dituzuelako erritmo biziko sekuentziarik ikusiko, baina ba itentsioa, urduritasuna eta ezinegona. Beldur psikologiko eta atmosfera itogarria.
7- À l’intérieur
( 2007 , Alexandre Bustillo, Julien Maury )
Zeri buruzkoa da?
Haurdun eta alargun dagoen Alysson Paradis protagonistak, gabonak bakardadean igaro beharko ditu etxetik irten gabe. Ezustean, gauaren erdian, emakume batek atea jotzen duen arte…
Zergatik ikusi?
Frantziatik datorren beste beldurrezko pelikula basati bat. Gidoi sinple baina oso eraginkor batekin, nerbioak puntan jartzeko gai dena. Gore eta indarkeria maila oso altukoa. Bikaina, iluna, desberdina. Béatrice Dalle izugarri. Aurreko filmekin esan dudan berbera errepikatu behar dut: kultuzkoa bilakatu den beste filma, hala da.
8- Triangle
(2009, Christopher Smith)
Zeri buruzkoa da?Belaontzi bat hartu eta itsasoan egun-pasa moduko bat egiteko intentzioz hasi dute eguna Jess eta bere lagunek. Baina ekaitz gogor baten ondorioz, noraezean geratuko dira. Barku zahar bat azaldu eta laguntza eskaintzen dieten arte.
Zergatik ikusi?
Gidoi sinplea baina zirrikiturik gabekoa. Beldur ukituak dituen thrillerra. Ideia oso sinplea baina mugaraino ezin hobeto aprobetxatua. Hori bai, ezinbestekoa filmari buruz gehiegi ez irakurtzea eta argazki edo bideorik ez ikustea; jakingo duzue zergatik.
9- The Loved Ones
(2009, Sean Byrne)
Zeri buruzkoa da?Brent izeneko 17 urteko mutikoa, Lola-ren gonbidapena ukatu ostean (institutuko neska ospetsuena), neska eta bere aitak prestatu dioten festa makabro moduko batean murgildurik ikusiko du bere burua, osagarri moduan, mendekua eta bortizkeria dituena.
Zergatik ikusi?
Torture porn azpigenerotik haratago doan filma. Enpatia, umore maltzurra eta groteskoa, modu paregabean uztartzen dituena.
10- Haute Tension
( 2003 , Alexandre Aja )
Zeri buruzkoa da?
Marie eta Alexia, kurtso amaierako azterketak prestatzeko asmoz eta eduki guztiak ezin hobeto prestatu eta kontzentrazio maila altuago batean murgiltzeko, basoaren erdian dagoen Alexiaren etxera joatea erabakitzen dute. Lasaitasun hau ordea eten egingo da gauaren erdian tipo bat azaltzen denean…
Zergatik ikusi?
Alexandre Aja zuzendari frantziarraren bigarren filma (2006an gero aipatuko dudan, The Hills Have Eyes bikaina zuzendu zuen). Gaur egun slasher on batekin harritzea zaila izaten den arren, hau izan liteke salbuespen horietako bat. Film honen bukaera “harrigarria” asko goraipatzen den arren, (nire ustez, iruzurti xamarra baina tira…) indartsuena hasierako zati guztia da eta batez ere Cécile De Franceen interpretazio bikaina ( 2003 urtean Sitges-en emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen)
11- Eden lake
( 2008 , James Watkins )
Zeri buruzkoa da?
Asteburu lasai bat igarotzeko asmoz, laku batera doan bikote baten istorioa. Nerabe koadrila bat gerturatzen denean ordea, lasaitasun hori, eten egingo da.
Zergatik ikusi?
Krudelkeri, indar eta intentsitatez beteriko atmosfera duen ekoizpen sendoa, gogaikarria hainbat momentutan. Lehen begiradan trama oso sinplea duela dirudien arren, aipaturiko giropenak eta batez ere, istorioa kontatzeko erabilitako modua, generozko ezinbesteko film batean bilakatzen dute. Antzezleen artean gainera, aurpegi ezagunak; Michael Fassbender, Thomas Turgoose (This is england filmeko protagonista) eta Kelly Reilly.
12- Frailty
(2001 , Bill Paxton)
Zeri buruzkoa da?“Jaungoikoaren eskua” izeneko serieko hiltzaile batean zentratzen den filma. Bat-batean, Wesley Doyle FBIko agentearen bulegoan, hiltzailearen nortasuna ezagutzen duen tipo bat azalduko da. “Hiltzailea nire anaia Adam da” esanez.
Zergatik ikusi?
Bill Paxton-ek zuzendu zuen lehen filma. Stephen King idazlearen esanetan, “bakarra, probokatzailea eta besaulkira itsatsirik mantenduko zaituen filma”. The Shining filmaren ildotik, pertsonaiak, atmosfera eta kokalekua berarekin, beldurra sortzeko gaitasuna duen ekoizpena.
13- The Descent
( 2005 , Neil Marshall )
Zeri buruzkoa da?
Espeleologia egiteko helburuarekin, mendian kokaturiko kobazulo batzuetara doazen sei lagunen istorioa.Orduak pasa hala ordea, gauzak okertzen joango dira…
Zergatik ikusi?
Beldurgarria eta sekulako akidura sortzen duena. Sei protagonistak kobazulo labirintiko horietan sartzen diren momentutik, istorioa, lehen pertsonan biziko bagenu bezala sentituko duzue, hainbat uneetan, arnasa falta zaizuenaren sentsazioa edukiz. Azken urteetan egin den beldurrezko film onenetarikoa. Pertsonaia nahiko landuak eta antzezle guztiak, bikain.
14- Låt den rätte komma in
( 2008 , Tomas Alfredson )
Zeri buruzkoa da?
Eskolan erasoak jasaten dituen 12 urteko umea dugu istorio honen protagonista, Oskar. Bere bizilagun berri eta misteriotsua ezagutzen duen momentuan ordea, bere bizitzak norabide berri bat hartuko du.
Zergatik ikusi?
Gai honi buruz inoiz egin den film onenetarikoa delako. (ez dizuet zehaztuko zein gai den, istorioaren zati garrantzitsua argitu baitezaket). Berezkoa duen erritmo motel eta izoztu horrek istorio desberdin, original eta zoragarri batean bilakatzen dute. Beldurrezko zerrenda honetatik at, pelikula onenen zerrenda orokor batean lasai asko sartuko nukeena. Ezinbestekoa.
15- Sinister
(2012 , Scott Derrickson)
Zeri buruzkoa da?Ellison (Ethan Hawke) arrakasta handiko idazlea da. Kasualitatez film txatal batzuk aurkitu ditu etxean. Haiek aztertuta, etxe hartan bertan familia bat nola eta zergatik hil zuten argitu ahal izango duela uste du. Apurka-apurka tragedia hura eragin zuenaren aztarna ikaragarriak aurkituko ditu, eta bere familia guztia arriskuan jarri…
Zergatik ikusi?
Beldur maila eta intentsitate desberdinez osaturiko momentuak biziarazten gaituen filma. Ikara psikologikoa naturaz gaindikoarekin uztartzen dituena. Nabarmentzekoa soinu bandarekin sorturiko atmosfera berezia.
16- The Babadook
(2014 , Jennifer Kent)
Zeri buruzkoa da?Senarraren heriotza bortitzaren minak utzitako arrastoetatik oraindik errekuperatu ez den arren, Amelia (Essie Davis) bere sei urteko semea (Samuel) hezi besterik ez du. Samuel-ek, erabat izuturik daukan eta etengabe mehatxatzen duen munstro batekin egiten du amets egunero. Bat-batean, bere etxean “The Babadook” izeneko ipuin liburu beldurgarri bat azalduko da. Bere ametsetan azaltzen den munstro berbera ote?
Zergatik ikusi?
Azken urteetako beldurrezko film aipagarrienetarikoa delako. Bi protagonistek, erakustaldi paregabea eskaintzen dutena.
17- Insidious
(2010 , James Wan)
Zeri buruzkoa da?
Familia bat, etxe zahar batera aldatu berri dira. Baina, zorigaitzezko istripu baten erruz, ume horietako bat koman sartu eta sendia beldurtzen duten gertakizun arraroak gertatzen hasiko dira.
Zergatik ikusi?
Nerbioak puntak jartzeko gai den filma. Ametsetan edo garun barruan gertatzen den guztiarekin, une beldurgarri bikain eta desberdinak sortuz. Ezinbestekoa.
18- Saw
(2004 , James Wan)
Zeri buruzkoa da?Adam hodi herdoildu bati kateatuta esnatuko da, lurrazpiko ganbera zaharkitu baten barruan. Haren alboan, beste pertsona bat dago kateatuta. Bien artean, hildako gizon bat. Inork ez daki zergatik dauden hor.
Zergatik ikusi?
Nork ez du film hau ezagutzen? Nor ez da harritu ezusteko amaiera horrekin? Ezezkoen multzo txiki horren barruan egonez gero, utzi zerrenda hau irakurtzeari eta joan zaitezte filma segituan ikustera. Gaur egungo beldurraren azken saga garrantzitsuaren abiapuntua izan zela esan daiteke; James Wan egile garrantzitsu eta oparoak zuzendua.
19- The Hills Have Eyes
(2006 , Alexandre Aja)
Zeri buruzkoa da?Mugaturik dagoen basamortuko gune bat zeharkatzen dutenean, Familia baten opor egunak amesgaizto bihurtuko dira,
Zergatik ikusi?
70. hamarkadan Wes Craven-ek zuzendu zuen filmaren remake-a. Kasu honetan Alexandre Aja-k eginikoa. Film originala gainditzen duen ezinbesteko Slasher basatia eta beldurgarria. Erritmo bizikoa eta tentsioz beterikoa.
20- Wolf creek
(2005 , Greg McLean)
Zeri buruzkoa da?Australian kokaturik dagoen, Wolf Creek parke nazionalera joango dira Kristy, Ben eta Liz gazteak. Bertan, zoritxarrez, autoa matxuratu eta biztanle baten “laguntza” jasoko dute…
Zergatik ikusi?
Trama tipikoa eta aurretik antzeman ez daitekeen ezer ikusiko duzuenaren sentsazioa eduki arren, jariatzen duen tonu errealista eta gordinak beste ezinbesteko slasher batean bilakatzen dute. Greg McLean zuzendariak, ustez oso erabilia dagoen formula horri, beste ikuspuntu bat eskaintzen diolako. Zer pasa behar den uste dugun momentu oro, justu kontrakoa gertatzen delako. Kontenplazio lasai eta biolentzia basati baten arteko irabiatu harrigarri bat bihurtuz.
21- Hostel
(2005 , Eli Roth)
Zeri buruzkoa da?Hiru gazte unibertsitario, motxila hartu eta Europan zehar trenez bidaia bati ekiten diote. Amsterdam hirian daudela, neska gazte bat ezagutzen dute. Honek, Eslovakia-ko herrixka batean kokaturik dagoen Hostel batean, inoiz ikusi ez dituzten emakume ederrenak topatuko dituztela esaten dieten arte…
Zergatik ikusi?
Basatia, lotsagabea eta zergatik ez, erromantikoa. Film honen hiru jarraipen egin dira, zein baino zein kaxkarragoa, beraz honekin nahikoa. Ez da biribila ezta gutxiago ere, baina hainbat sekuentzia eta uneengatik, kultuzkoa bilakatu den ekoizpena.
22- Dead silence
(2007 , James Wan)
Zeri buruzkoa da?Mary Shaw izeneko bentrilokuoaren inguruko kondairan oinarritzen den istorioa. Bere 101 panpinekin batera, lurperatzea eskatu zuten emakumea.
Zergatik ikusi?
Betidanik izan da ezaguna, mota honetako panpinek gugan sortzen duten beldur bitxi eta irrazional hori. Baina gehienetan film oso kaxkarretan islatuak. James Wan zuzendaria, beste zinta entretenigarri eta eraginkor batekin azaldu den arte.
23- It Follows
(2014 , David Robert Mitchell)
Zeri buruzkoa da?Mutil batekin sexu-harremanak izango ditu Jayk, emakumezko gazte batek. Topaketa sexual bitxi samarra suertatu da eta berehala jabetu da horretaz . Une horretatik aurrera, amesgaiztozko ikuskariak ditu Jayk, zerbait jazartzen duelako sentipen beldurgarri bat.
Zergatik ikusi?
David Robert Mitchell zuzendariaren bigarren filma dela kontuan izanik oso eraginkorra eta bisualki aberatsa. Berezia, bitxia baina oso nabarmena eta intriga handia pizten duena. 80garren hamarkadako “slasher” eta hainbat beldurrezko filmek zipriztinduriko planteamendua duena, baina kontatzeko moduan eta batez ere itxuran, sotilagoa eta ausartagoa. Aipagarria, sortzen den atmosfera bitxi eta astun horren erantzule nagusienak, Michael Gioulakis argazki zuzendariaren lan bikaina, Disasterpeace-n musika eta denboraren gaia. Bitxia, inongo momentutan ez jakitea ze garai edo urtean kokatua dagoen filma, guztiz anakronikoa -neska horren maskor-ebook hori?, ez da mugikor bakar bat azaltzen film guztian zehar…- Meritu handiko filma, ausarta eta desberdina azken finean. Beldurrezko film bat ikusi nahi duenarentzat, baina ez ohiko planteamendu batekin eta beste arau batzuekin jokatuz.
24- We Are What We Are
(2013 , Jim Mickle)
Zeri buruzkoa da?Parker familiari buruzko istorioa.
Zergatik ikusi?
Atmosfera itogarri eta astun bati esker, hasieratik sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera
eramango zaituztete. Beldurrezko”etiketa” horretatik haratago, ezinbesteko filma. Tramaren zama garrantzitsua pertsonaiek hartzen duten horietakoa. Bitxia, ezohikoa.
25- The Conjuring
(bigarrena batez ere)
(2013-2016 , James Wan)
Zeri buruzkoa da?Benetako pertsonaia eta gertakizunetan oinarritzen dira bi filmak. Etxe sorginduak eta gertakari paranormalak ikertzen dtuzten Ed eta Lorraine Warren bikotea dira protagonistak.
Zergatik ikusi?
Etxe sorginduen gaia gastatu samarra dagoen arren, ikuspuntu oso interesgarri bat erakutsi digu James Wan zuzendariak film hauetan. Sorginkeriak egia diren ala ez, beste kontu bat, baina zinematografikoki, interesgarria, gozagarria eta beldurraren elementu klasikoak erabiliaz oso eraginkorra.
26- [REC]
(2007, Jaume Balagueró)
Zeri buruzkoa da?Angela, telebistako kazetari gazte bat, kameralaria lagun duela, suhiltzaileei buruzko erreportaia egitera doaz. Gau lasaia dirudiena amesgaizto bihurtuko da ordea.
Zergatik ikusi?
Ondorengo emanaldietan eskua joan zitzaien arren, lehengo hau bikaina iruditzen zait. Azken urteetan Espainian egin duten beldurrezko film onenetarikoa.
27- V/H/S eta V/H/S 2
(2012, 2013 Adam Wingard, Glenn McQuaid, Radio Silence…)
Zeri buruzkoa da?Laburmetraia desberdinez osaturiko, beldurrezko antologia, “found footage” moduan grabaturikoa.
Zergatik ikusi?
Istorio guztietatik gutxi batzuk, biribilak, besteak oso onak eta gutxi batzuk kaxkarrak. Baina orokorrean harrigarria, basatia eta ezinbestekoa.
28- Saam gaang yi (Three… Extremes)
(2004, Fruit Chan, Park Chan-Wook, Takashi Miike)
Zeri buruzkoa da?Hiru zatitan banaturiko filma eta bakoitza zuzendari batek egina. Dumpling (Hong Kong),Box (Japonia) eta Cut (Korea)
Zergatik ikusi?
Fruit Chan, Park Chan-Wook eta Takashi Miike-k zuzenduriko ezinbesteko filma delako. Asiako beldurrezko filmei ohitua ez dagoenarentzat, lehen kontaktu bikaina izan liteke ekoizpen hau. Osotasunean, zalantzan jarri liteke, beldurrezko film bezala kontsideratu beharko genukeen ala ez. Baina irudi bortitzek eta batez ere loratzen den kritika horrek sor lezake ziurrenik, azalean ageri ez den beldur hori.
29- The Mist
(2007, Frank Darabont )
Zeri buruzkoa da?Lehendik Stephen King-en moldaketak egin izan dituen, Frank Darabont dugu istorio honen zuzendaria, “The shawshank redemption” edota “The green mile” film zoragarrien kasu.
Zergatik ikusi?
Bai, badakit zer esango duzuen, beldurrezko filma baino, genero fanatstikoan sartu beharko nukeela. Baliteke, baina bukaera hain beldurgarria iruditu zitzaidan, hain basatia…
30- Bedevilled
(2010 , Jang Cheol-soo)
Zeri buruzkoa da?
Urte mordoa elkar ikusi gabe egon ostean, bi emakumeen arteko topaketa kontatzen digun istorioa. Baina batez ere, elkartze honek eragingo dizkien ondorioak…
Zergatik ikusi?Hego Koreatik datorren filma. Tentsioa eta atmosferak, istorioa bera, garapen bikain batetara eramanez, pelikula desberdin batean bilakatzen dute. Hasiera batean drama bat dirudien arren, aipaturiko garapen motel horrek, pixkanaka, lehergailu ezegonkor batean bilakatuko dute. Teknikoki bikaina, argazkiaren arloan batez ere. Su motelean eginikoa eta xehetasun txikiz osaturikoa.
31- Shutter
(2004, Banjong Pisanthanakun)
Zeri buruzkoa da?Tun eta Jane kotxean doazela, oinezko bat harrapatzen dute oharkabean. Laguntza eskaini beharrean, bertatik alde egitea erabakitzen dute. Baina laster damutuko dira, hortik aurrera fenomeno ulertezin eta beldurgarri batzuen presentzia sentituko dutelako.
Zergatik ikusi?
Ekialdetik datozen beldurrezko filmekin, kosta egiten zait istorioetan murgiltzea eta orokorrean ez ditut batere gogoko. Tailandiatik datorren generozko film hau izan liteke salbuespen horietako bat.
32- Ils
( 2006, David Moreau, Xavier Palud )
Zeri buruzkoa da?
Clementine eta Lucas basoaren erdian bizi den bikote gazte bat da. Gaua erortzean, zuhaitzen artean, “presentzia” bat ageri dela konturatzen dira, ez daude bakarrik, “beraiek (Ils)”-ak daude…
Zergatik ikusi?
Oso elementu gutxirekin beldurrezko film paregabe bat egin daitekeela frogatzen duelako, efektu digital garesti edo parafernalia handirik gabe. Soinuari garrantzia emanez gero izugarrizko etekina atera daitekeenaren adibidea. Pertsonaiak zertxobait lauak izan arren, interpretazio aldetik bikain ageri dira.
33- The Reef
(2010 , Andrew Traucki)
Zeri buruzkoa da?Lagun talde bat Australiako “Uharri Hesi Handian” nabigatzen ari da, munduko koralezko uharri handiena. Baina beren untzia irauli eta lurreratzeraino, denak batera igerian joatea erabakitzen dute…
Zergatik ikusi?
70. hamarkadan Spielberg-ek Jaws zoragarriarekin lortu zuen izu hori ez zela errepikatuko zirudien arren, 2010 urtean Andrew Traucki zuzendariak film hau estreinatu zuen. Lehen begiradan dirudiena baino askoz hobea eta batez ere eraginkorragoa. 85 minututan zehar, marrazoek eragiten diguten beldur psikologi horren lekuko bilakatuko zaretelako.
36- Calvaire
( 2004 , Fabrice Du Welz )
Zeri buruzkoa da?Nori ez zaio noizbait kotxea errepide erdian hondatu? Film honen protagonistaren arazoa ordea, non hondatu zaion eta batez ere, zeinek eskaintzen dion laguntza da.
Zergatik ikusi?
Fabrice Du Welz zuzendari belgikarrak zuzenduriko drama beldurgarria eta argumentu gordinekoa. Momentu txarrak pasaraziko dizkizuena. Pertsonaien iluntasuna sentitu eta gaiztakeria arnasten ditugu minutuero. Laurent Lucas eta Jackie Berroyer aktoreak bikain.
37- Under the skin
(2013 , Jonathan Glazer)
Zeri buruzkoa da?Alienigena giza-jale batzuk lurrean ari dira “gizakiak ehizatzen”: autostop egiten ari den jendea liluratzen dute beren mundura garraiatzeko. Horretarako Lurrean ordezkari bat dute, Eskoziako hiri eta errepideetan dabilen, emakume eder bat.
Zergatik ikusi?
Ezinbesteko kultuzko filma. “Beldurrezko” film argia ez den arren, musika harrigarri, pertsonaia hipnotiko eta atmosfera itogarri eta ikaragarri bati esker, gutxitan ikusitako beldur mota baten menpe uzten gaituen filma. Beldurra ala zientzia fikzioa baino, drama psikologiko bat dela uste duzue ? Ados zuek erabaki, baina guzti horren arteko irabiatu zoragarri ez ohiko bat denik ez didazue ukatuko.
38- Antichrist
(2009 , Lars von Trier)
Zeri buruzkoa da?Semearen heriotzaren ondorioz eta emaztea mentalki birrindua aurkitzen denez, senarrak (psikologoa) basoaren erdian aurkitzen den etxola batetara eramatea erabakitzen du.
Zergatik ikusi?
Ez dela beldurrezko film bat? Beldurra, arlo eta maila desberdinetan bizi dezake bakoitzak, nik beldur adierazezin bat sentitu nuen Lars von Trier zuzendari polemikoaren ezinbesteko lan hau ikustean. Bertako irudi, musika eta interpretazio bikainen arteko nahasketak, beldur psikologikoari buruzko istorio paregabe batean bilakatzen dutela uste dudalako. Ikusleak bitan banatzen dituen film horietakoa, zoragarria ala gorrotagarria irudituko zaizue, ni lehengoen multzoan kokatzen naiz.
39- Seventh moon
(2008 , Eduardo Sanchez)
Zeri buruzkoa da?
Senarraren gurasoak ezagutzeko helburuarekin, bikote ezkonberri bat, Txinara bidaiatzea erabaki dute. Iristean, gauaren erdian mutila galdu egiten da, hortik aurrerakoa sekulako amets gaiztoa bihurtuko da…
Zergatik ikusi?
Eduardo Sanchez-ek ( “The Blair Witch Projecten” zuzendarietako bat) 2008an zuzendurik filma. Bitxia, desberdina eta urduritasun sentsazioaren menpe uzten gaituena. Goraipatzekoak batez ere, hasierako 50-55 minutuak, hortik aurrera filmak behera egiten baitu apur bat. Aipatutako “The Blair Witch Project-en” bezala, errealismoa da lan honen ezaugarri nagusiena. Hori, beldurrarekin talka egiten duenean, ekoizpen oso interesgarri eta gomendagarri batean bilakatzen dute.
40- Frontière(s)
( 2007 , Xavier Gens)
Zeri buruzkoa da?
2007 urtea. Alderdi ultraeskuindarrak, frantziako hauteskundeak aurreratzea erabakitzen du. Kaleetan protestak, liskarrak eta lapurretak dira nagusi. Horien artean, gazte talde batek ihes egin eta ostatu batean ezkutatzea lortzen dute. Ostatu horren jabeak neonazi burugabe eta basati batzuk direla konturatzen diren arte…
Zergatik ikusi?
The Texas Chainsaw Massacre, Calvaire eta The Hills Have Eyes-en arteko irabiatu basati bat. Film honen arazo handiena? Kontrakoa dirudien arren, gizarte kritika eta beldurrezko filma nahastean loratzen da, nahasketa ezegonkor bat sortuz. Hau alde batera utziz primerako basakeria entretenigarri bat aurkituko duzue. Erritmoa, tentsioa eta odola. Frantziatik datorren beste ezinbesteko beldurrezko filma.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina